2. ibilbidea
Industria eta itsasadarra "botxoan "

Botxo: Bilboko Hiriari ematen zaion izen herritarra, bere "zulo" egoera dela eta, mendien artean harrapatua egoteagatik.

1. zatia_ Jakituriaren tenplutik garai bateko ontzioletara

1,4 km-ko ibilbidea

DEUSTUKO UNIBERTSITATEA

Industrializazioak ekarri zuen beharrik handienetako bat bere eliteak eta zuzendariak heztea zen. 1886an inauguratua, Deustuko Unibertsitatea izan zen eskari honi eman zitzaion erantzuna (1). Jesusen Lagundiak zuzentzen duen unibertsitate honetan, proiekziorik handiena duen fakultatea "Deustuko Unibertsitate Komertziala" esaten zaiona da. Fakultate hau 1916an hasi zen lanean eta lehenengo promozioko ikasleak titulazio propioan graduatu ziren, hau da, Espainian Ekonomiako Zientzietako ikasketak ofizialki aitortu baino hogeita bost urte lehenago.

Espainiako Unibertsitate pribatu zaharrena da

Hainbat eraikin ditu fakultate honek eta denetan antzinakoena La Literaria esaten zaiona da (José María Basterra eta Cubaseko markesaren lana); fakultate honetan Zuzenbidea ematen da. Erakinik berriena, aldiz, 2009an inauguratu zuten liburutegia da. Guggenheimen ondoan dago, Rafael Moneok proiektatu zuen eta kale batek banatzen ditu liburutegi hau eta Alvaro Siza portugaldar arkitektoak diseinatutako UPV/EHUren paraninfoa. Bi arkitektoek Pritzker saria dute. Bilboko herritarren artean, leku hau Ingelesen zelaia bezala ezagutzen da.

Unibertsitatearekin muga eginez, bi etxe daude eta La Cava (2) izenez ezagutzen dira. Familiako finka batean eraiki ziren etxe hauek 1869an eta argi erakusten dute dirua duten klaseak nola mugitu ziren pilatutako Zazpi Kaleetatik itsasadarraren ertzetara, Negurira igaro aurretik.

Deustuko unibertsitatea
La Cava etxeak

ERTZAK LOTZEN: DEUSTUKO ZUBIA

1936ko abenduan inauguratu zen zubi altxagarria (3); 5 urte lehenago enkargatu zuten eta Ignacio de Rotaeche eta José Ortiz de Artiñano ingeniariek eta Ricardo Bastida udal arkitektoak diseinatu zuten. Zubi honen eta Udaletxekoaren bidez, hiribilduko gune historikoa eta Deustu, Begoña eta Abando auzoetako garapen berriak lotu nahi ziren.

Ibaiko trafikoa funtsezkoa zen portuko lanetarako, garai hartan hemen egiten baitziren lan horiek Abrako kanpoko portura lekualdatu ziren arte; zubien diseinua baldintzatzen zuten lanok, itsasontziek itsasadarrean gora joan beharra baitzeukaten.

Gerra Zibilean suntsitu ondoren (1937) berriro eraiki zuten eta 1974ean zaharberritu. Zubia ireki egiten zen eta Bilboren ikonoetako bat izan zen 1995era arte; gaur egun hiriko ospakizun oso berezietan baino ez da irekitzen. 500 m-ko luzera du, 48 m-ko argia eta itsasadarraren ubidea estutu egiten du, puntu horretan 71 m-koa da; albo bakoitzean hormigoizko eraikinak ditu eta hor daude altxatzeko makina guztiak.

Zubiaren bi aldeak altxatzen direnean, 70ºko angelua hartzen dute horizontalarekiko. 27 bao ditu eta horietatik 11k itsasadarra gurutzatzen dute.

TIGREAREN ORROA

Abandoibarratik Euskalduna Jauregira goazela, beste aldeko ertzean tigre baten irudi handi bat dugu eraikin baten gailurrean (4).

Eraikin industrial hori Pedro Ispizuak eraiki zuen 1940an eta Muñoz Mendizabal enpresaren lantegia, bulegoak eta erakusketa aretoa zeuden; enpresa horrek transmisioko uhalak egiten zituen. 1942an enkargatu zitzaion Joaquín Lucarini eskultoreari 9 metroko luzerako eskultura hau. Egiten zituzten uhalen ikurra izango zen tigrea; uhal horiek indartsuak eta edozein ezustekori aurre egiteko modukoak zirela esan nahi zuen. Dena dela, bada beste teoriarik ere; horren arabera, jabeak liskarren bat izan zuen tokiko burgesiarekin eta mendeku legez bere eraikinean Indautxura begira gau eta egun "orroaz" ari den piztia jarri zuen; lantegiko jabearen jatorri pobrea mesprezatzen zuen asko auzo horretan bizi baitzen.

Eraikina zaharberritu zenean, kanpoko itxura errespetatu egin zen eta barruan luxuzko etxebizitzak egin ziren.

Tigrearen eraikina

BILBOKO ONTZIOLA ENBLEMATIKOA

Ontziola izatetik jauregi izatera (gaztelaniaz)
Itsasadarrari jarraitu eta Kongresu eta Musikaren Euskalduna Jauregia (5) dago. Jauregiaren izenak orube horretan egon zen ontziolaren izena hartu du, ontziola hori 1900ean inauguratu baitzen eta 1985ean itxi.

Euskalduna ontziola aurrez beste ontziola bat zegoen lurretan eraiki zen, 1868an sortu zen Compañía de Diques Secos zegoen lurretan, hain zuzen ere. Bere arradatatik irten ziren XX. mendeko lehenengo hamarkadan Euskal Herriko altzairuzko eta lurrunezko lehenengo itsasontziak.

1925az geroztik, Olabeagan, Asua ibarrean eta Madrilen zituen instalazio berriei esker, metalurgia lanaz zituen ezagutzak eta bere instalazioak (hasi fundiziotik eta amaierako muntaketara arte) aprobetxatu zituen noizik eta behin tren-makinak, automobilak, zubiak, galdarak... egiteko.

Compañía Euskaldunaren kartela
Garai bateko instalazio haiek 90.000 m2hartu zituzten eta gaur egun geratzen diren bakarrak beheko aldeko Bonba Etxea, Karola izeneko garabia eta 2 dike dira, euren caissones edo ixteko ateekin. Karola garabiari dagokionez, duela gutxira arte hiribilduaren ibai ertzetan zeuden ehunka garabi gogoratzeko eta omentzeko utzi da. Dikeei dagokienez, 2. zenbakian Itsas Museoaren itsasontzi batzuk daude.

Bonba Etxea 1903an eraiki zen. Bere garaiko eraikin aitzindaria da, hormigoi armatuzko zutabeak erabili baitzituen eta horri esker, barrualdean espazio oso zabala zuten erdian inolako zutaberik gabe.

Bere funtzioa ura txikitzeko bonbak edukitzea zen (orduko 9.000 m3 mugitzen zituzten), horrela, dikeak urez hustu eta lehor mantentzen ziren.

Jatorrizko 3 dikeetatik bigarrena eta hirugarrena mantendu dira eta bigarren dike lehorra aurreko enpresaren azpiegituren zatia zen; hau da, Diques Secos enpresak erabiltzen zuen itsasontziak konpontzeko, karenatzeko eta garbitzeko. 1868an eraikia, 1902an hazi egin zuen Recadero Uhagón ingeniariak (Bilboko lehenengo saneamendu plana egin zuen berak) karga-gaitasun handiagoa izateko. Dike honek 121 m-ko luzera du, hormak harlangaitz hidraulikokoak dira eta gainean harlanduzko fabrika dute.

2. dikea hazi zen garai bertsuan egin zen hirugarrena, hau ere Uhagónen proiektuarekin. Dike honek 11.000 tonako gaitasuna zuen (2. dikearen hirukoitza).

Aurreko enpresak
Beste produktu batzuk
Eraitsi eta birgaitu: Kongresu Jauregia eta Itsas Museoa
Jarraitu