1. Zatia_ BARAKALDO. INDUSTRIAREN BURUA

1,3 km-ko ibilbidea

Hasierako ibilbidea: Gabriel Aresti itsasadarrerantz - San José – Burdinolak - Munibe - Cervantes

Barakaldo eta Sestaon bildu zen Bizkaiko industria astun gehiena, eta XX. mendearen zati handi batean, Estatutako siderometalurgia gehiena ere bai. Lantegiak itsasadarraren ibarrean zehar hedatzen ziren (ibilaldi honen bidean), baita barruko haranean ere, hirigune bien kokagune diren muinoez bestaldean.

Industria-okupazio intentsibo horren bidetik, "etxe merkeak" izenaz ezagutzen ziren bizitegi-multzoak ugaritu ziren. Udalerri bietan dago Bizkaiko halako etxebizitza-sustapenen % 50 ia-ia, baina sustapen horietako askoren ordez dentsitate handiagoko eraikinak egiten hasi ziren, 50eko eta 60ko hamarkadetako immigrazio-fluxu handiei harrera egiteko. Hain zuzen ere, industrializazioaren inguruan sortutako bizitegi-arkitektura publiko horren erakusgarri onenak dauzka, Bilborekin eta Getxorekin batera, Bilbo hiriburua den aldetik, eta Getxo bere jauregiekin.

"Etxe merkeak"

"ETXE MERKEAK" ONDOZ ONDOREN

Ibilaldiari hasiera ematen dion tarte honetan hainbat tipologia ikusi ahal dira Ismael Gorostizak proiektatu zituen mota honetako eraikin sozialean. Hala, Gabriel Arestiko gurutzagunean, eta hasitako ibilaldiaren noranzkoan, eskuinean "El Ahorro" (1) etxe-multzoa dago izen bera daukan kalean; ezkerrean, "La Felicidad" guneko etxeak, horiek ere beheko solairua eta 3 altuera dauzkatela.

Hurrengo kale-buruan, "La Providencia" izenekoan, elkarri atxikitako altuera txikiko etxebizitzen adibideak daude oraindik. Beherago, Ferrerías kalean, multzorik nabarmenenetako bat dago oraindik: "La Tribu Moderna" (2), 4 etxebizitzaz osatutako patioen inguruan antolatutako bizitegi-multzoa, lorategi txikiarekin eta atzeko patioarekin.

Arkitektura humanista

ETXE MERKEAK: ARKITEKTURA HUMANISTA

Izen hori ez zen ipini etxeen kostuarengatik. Izengoiti hori XX. mendearen lehen herenean promulgatutako legeen izenburuen isla da. Estatuak laguntzak ematen zituen, langileen kooperatibek edo enpresek haien langileentzat bultzatzen zituzten sustapenetarako, eta laguntzak lege horietan agertzen ziren.

Tipologiak mota guztietako eraikinenak dira: pisuen etxebizitzak, txalet adosatuak, txalet exentuak... Antolaketa, egitura eta akabera diferenteak zeuzkaten, zeinentzat ziren kontuan hartuta langile, teknikari edo enplegatuentzat.

Etxebizitza-multzo horiek, Bizkaian oraindik 50 baino gehiago daudela, Frantzian eta Britainia Handian gauzatutako antzeko proposamenen ildotik eraiki ziren. Langileen klasearen pilamenduari erantzuna eman nahi zien higienismoaren mugimenduaren trilogia (airea, eguzkia eta ura) agerrarazten zuten proposamen horiek. Gainera, XIX. mendearen amaieran eta XX. aren hasieran enpresek, eta langileek beraiek, panorama ilunari aurre egin behar izaten zioten etxebizitzaren aldetik, eta horrek laneskuaren kalitatea eta bizi-itxaropena zeharo murrizten zuen. Etxe-multzo horiekin arazo horri bide batez konponbidea eman zitzaion.

Ekimen hori hasieran enpresekin lotzen zen, eta geroago, langileen kooperatibekin. Agintariek, aldiz, ez zuten interes handirik populazioaren hazkundea klase xumeentzako etxebizitza-sustapenekin konpentsatzeko.

Eraikuntzako ekimen pribatuak, gainera, ez zuen konpentsatzen egoera hori. Izan ere, industriako errendimenduen tasak askoz handiagoak ziren etxebizitza arloko inbertsioarenak baino, eta beste alde batetik, orografia zaila kontuan hartu behar zen, geratzen ziren eremu lau eskasak industriak hartzen zituelako.

Sustapen ugari egin ziren (Bizkaian 57); hala eta guztiz ere, industrializazioaren berotara etortzen zen langile-samaldak etxebizitza aldetik zeuzkan beharrizanak ez ziren bete, eta arazoa murriztu zen arren, etxebizitza askotan artean ere higiene, osasun eta pilatze arazo larriak gertatzen ziren.

Informazio gehiago (gaztelaniaz)
Barakaldoko hiri arkitekturaren gida (gaztelaniaz)

DESERTUKO IBARRERANTZ

Munibe kalea luzatu egin zen, izen berriarekin, Cervantes izenarekin. Kale horren amaieran gaur parke berria dago.

Trenbidearen azpitik igaro aurretik, Murrieta kalean (3) Barakaldon garai hartan arkitektura aldetik zegoen joritasuna agerrarazten duen etxe-multzo bat ikusi ahal da. Eraikin modernistak, Vienako bariantean, hainbat fasetan 1914 eta 1924 bitartean eginak. Eskualdeko beste arkitekto handiak diseinatu zituen: Santos Zunzuneguik.

Trenbideen eremuaz bestaldean, antzina AHVren instalazioak ziren aldera iristen gara, gaur egun bizitegi, enpresa eta aisialdi erabileren Barakaldo "berria" hedatzen deneko zabalgunera.

Ikusi daitekeen lehenengo gauza Lasesarreko futbol zelai berria(4) da. Eduardo Arroyok diseinatu zuen eta 2003an inauguratu zen.

Trenbideaz bestaldean zegoen zelai zaharra ordeztu zuen. Zelai zaharraren lekuan gaur kirol instalazio batzuk daude, eta bertan, hainbat hamarkadatan Barakaldo F.C.ren zaleak inguruko enpresen usain eta keen azpian biltzen ziren.

Aurrera egingo dugu Galindo ibairantz. Gure eskuinean Ilgner Eraikina (5) izena duen "tenplu klasikoa" ikusten dugu; 1927az geroztik, bertan Labe Garaien ijezketa-trenetarako energia ematen zuten bi sorgailuak zeuden.

Eremu hau XX. mendearen zati handi batean Estatuko industriaren bilgunerik handiena izan zen

Lasesarre eta Murrietako etxeak
Ilgner eraikina

Hormigoi armatua arrazionaltasunez erabili zen, eta horregatik nabarmentzen da. Ez dauka inolako apaindurarik, eta hormetan leihate handiak dauzka, arintasun sentsazioa sortzen laguntzeko. Kanpoko horma-ataletan adreiluak erabili ziren, eta horrek azpimarratu egiten du testura aldetik eraikinak duen kalitatea.

1998an birgaitu ondoren, enpresa-ekimen berrien egoitza dago bertan. Barrualdean jatorrizko sorgailuetako bat gordetzen da gaur egun. Industria-eraikin bikain bat erabilera berrietarako birmoldatzearen adibiderik onenenetako bat da.

Ilgner eraikinaren alboetako baten aurrean Galindo ibaia zeharkatzen duten bi zubi daude. Beste ertza Sestao udalerriarena da. Leku honi "La Punta" deitzen diote.

Galindok eta itsasadarrak bat egiten duten eremu hori XX. mendearen zati handi batean Estatuko industriaren bilgunerik handiena izan zen. Atzean, Barakaldoko ertzean, Nuestra Señora de El Carmen izeneko siderurgia-lantegia kokatu zen 1855an (gerora, 1882an, Altos Hornos de Bilbao izena hartu zuen). Sestaoko La Vizcaya eta La Iberia siderurgiekin batera, Altos Hornos de Vizcaya izeneko enpresa handian bat egin zuten 1902an. Aurrean, Sestaori dagokion itsasadarraren ertz osoa, hiru enpresa handiren bilgunea zen (Aurrera galdategia, La Naval ontziola eta AHV bera), inguruan lantegi eta zerbitzu osagarri ugari zeudela.

XX. mendean, Galindo ibaiaren eta itsasadarraren ibilguek Europako kutsadura-indizerik handienak zeuzkaten. Kokagune horrek ekoizpen aldetik sekulako garrantzia zeukan. Hori zela-eta, Gerra Zibilean siderometalurgiaren gune handi horiek eraistea planteatu zen, tropa frankistek harrapatu ez zitzaten (1937). Azkenean, garai hartako Eusko Jaurlaritzak funtzionatzen segi zezatela erabaki zuen. Izan ere, desagertuz gero, lehendik ere behartsua zen biztanleriak pairamen handiagoak izango lituzke.

Industria horiek desagertzearen edo txikiagotzearen ondorioak gogoan hartuta, ibilbidearen tarte hori interesgarria eta didaktikoa da, eta alderdi estetikoan gogorra ere bai. Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia-indizerik handienetako bat duen eskualdean gaude, eta Sestaok tasarik handiena dauka (% 18). 80ko eta 90eko hamarkadetan inguruan zeuden enpresa handiak itxi zirenetik biztanleriaren % 30 galdu du.

Hirigunea goragune batean dago, alde batetik Nerbioi ibaiaren haranak (gauden lekuan) eta bestetik Galindo ibaiaren ibilguak inguratuta.

Hurbil dauden beste gune interesgarri batzuk
La Punta eta Galindo ibaia

Ibar bietan enpresa handiak biltzen ziren: Bizkaiko Labe Garaiak, Babcock&Wilcox, General Eléctrica, La Naval, Aurrera… 70eko hamarkadan gutxi gorabehera 40.000 laguni eman zieten lana. Gaur egun, itxierengatik edo laneskua bat-batean gutxitzeagatik (adibidez La Navalen edo Altzairu Fabrika Trinko berriaren kasuan), eta duela gutxi konpainia berriak ireki arren, 2.000 lanpostu soilik mantendu dira.

Desagertutako Labe Garaiekin loturarik estuena duen aldea zeharkatzen du ibilbidearen zati honek. Barakaldon egindako ahaleginaren ostean, Sestaorentzat aurreikusita dagoen birgaitze-prozesua egikaritzen ari da orain. Plan horren bidez, abandonatutako alderdi eta orubeak berriro urbanizatu nahi dira, denboraren poderioz hondatutako etxeak lehengoratu, denda eta zerbitzu berriak ezarri, etab.

Enpresa handiak
Jarraitu